2013(e)ko azaroaren 4(a), astelehena

BOSTGARREN EGUNA

Urriaren 28ko aste horretan modulu astea izan genuen eta beraz, ez genuen ohiko klase normalik izan. Hori dela eta, aste horretako saio horiek modulu lanarekin hasteko erabili genituen. 


Aurtengo 3. modulu lanaren gaia Komunikazio gaitasunak izan da. Bertan hiru egoera planteatu zaizkigu:

-          1. EGOERA: Zentro bateko irakasleek proiektukako lana Haur Hezkuntzako bigarren zikloan sartzea adostu dute. Familia guztiei zirkular baten bidez informazioa eman arren, lehenengo arazoak sortzen hasi dira, horien artean kolaborazio-maila oso desberdinak daudelako: Materialak falta dira, ez dute denborarik izan beren seme-alabekin informazioa bilatzeko, ez dira fidatzen egongo diren ikaskuntza-emaitzekin, eta abar. Badakite familiaren laguntza ezinbestekoa dela emaitzak optimizatzeko, beraz, komunikazio eta inplikazio estrategia eraginkorragoak diseinatzea erabaki dute.



-          2. EGOERA: 0-2 urteko ikastetxe batean, helduenen bi taldeetako tutoreak kezkatuta daude goizeko sarrera orduan informazio gehiegi trukatzen delako gurasoekin. Umeen aurrean hitz egiten da, eta hezitzaileek ezin diete arreta eman dagoeneko gelan daudenei. Guraso batzuek informazio gehiago nahi dute, beste batzuek eguraldiaz hitz egiten hasi eta denbora galarazten dute, beste batzuek hezitzailea liluratu edo haren aurrean ongi gelditu nahi dute; eta badira beste batzuk aipatu beharreko arazoak izan arren ihes egiten dietenak. Tutore horiek sarrera orduko komunikazioa argitu beharko dute.



-          3. EGOERA: Iraila da eta iritsi berri zaren eskolan, 4 urteko haur talde baten tutore izango zara. Ikasturtea prestatzen hasi zara, eta, beste zeregin batzuen artean, gurasoei ikasturtea aurkezteko bilera antolatu behar duzu eta haiekin komunikazio bideak ireki. Ikastetxean ez dago horretarako protokolorik ezarrita. Gainera, zenbait guraso hasita daude beren seme-alabei eta eskola dinamikari buruzko galderak egiten eta eskolari dagozkion beste informazio orokor batzuk eskatzen.



Modulu laneko taldeak hasieratik eginda geneuzkan eta guk, Mariana Barriosek, Jasone Barrenak eta Ane Azkarragak, Ainhoa Garcia, irati Aretxabaleta eta Amaia Lazarorekin batera jardungo gara lan horretan guri egokitu zaigun tutorea Alaitz, IKTko irakaslea izanik. Goian aipatutako egoera horietatik, esan beharra daukagu, 3. egoera aukeratu dugula, izan ere, egiteko errezena iruditu zaigu eta gainera, izandako praktikaldian zehar, gure taldekideetako batzuek horrelako egoera bat pasatu izan dute.      
                                                               

Besterik gabe, 

Ondo izan!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina