2013(e)ko azaroaren 4(a), astelehena

LAUGARREN EGUNA

Gaur, urriak 22, ez dugu klaserik izan, laugarren saio praktikoa izango litzateke baina LOMCE legearen aurkako greba izan da. LOMCE PPren gobernuak eta Wert ministroak sustatutako Hezkuntza Legea da. Baina LOMCE-ri ezetz esaterakoan, zeri esaten diogu ezetz? Hona hemen web interesgarri batetik ateratako informazioa: 

EZETZ esaten diogu parte har ez dezakegun hezkuntza-sistemari. Lege berriak murriztu egiten du gure seme-alaben heziketari eragiten dioten erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea, kontsultarako órgano bihurtzen dituelako Eskola Kontseiluak.

Hezkuntza-sistema demokratiko baten partaide izan nahi dugu. Ezinbestekoa da akordioa eta hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoa proiektuak erabakitzeko, ikasle guztien arrakasta eta kalitatea lortzeko; autonomia behar dugu curriculuma ikasle guztien beharretara egokitzeko.



EZETZ esaten diogu bereizketari. Lege berriak ikasleak banatu nahi ditu 14 urtetik, ahalmenen arabera. Ez da egia ikasleen banaketa goiztiarra egiten duten sistemek emaitza hobeak dituztenik. Finlandian, esaterako –Europan eredutzat hartzen den sistema- ikasleak ez dira banatzen 16 urtera arte.




Ikasle guztiei 16 urtera arte ezagutza komunak bermatuko dizkien hezkuntza-sistema nahi dugu, eta gure sistema ekitatibo eta inklusiboan sakontzen jarraitu, gizarte-adostasun zabal batean oinarriturik eta ikuspegi integratzaile batetik.



EZETZ esaten diogu euskara eta gure curriculuma gutxiesteari. Lege berriak hiru mailatan banatzen ditu irakasgaiak “garrantziaren” arabera eta hirugarren mailan uzten du euskara. Oinarrizko irakasgaietan (enborrekoak) Hezkuntza Ministerioak erabakiko du edukien %100, baita ebaluatzeko irizpideak, gaitasunen lorpena, ebaluaketa estandarrak eta gutxieneko ordutegia ere, euskal administrazioari parte hartzeko

aukerarik utzi gabe.


Ikasle euskaldun eleanitzak nahi ditugu. Ikasle guztiek dute funtsezko eskubidea hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko. Ez dezagun ahaztu, aspaldidanik seme-alabak euskaraz hezteko hautua egiten dugula familiok.


EZETZ esaten diegu Estatuko azterketei, errepikapenak sustatzen dituztelako eta zailtasunak ipini DBH eta Batxilergoko tituluak lortzeko, ez delako izango nahiko ikasturtea gainditzea.


Ebaluaketa jarraituak kontuan hartuko dituen legea nahi dugu (ikasleen benetako lorpenak neurtzen dituztenak), irakasleei lagunduko diotenak eta eduki guztiak erakusten direla bermatuko dutenak.


EZETZ esaten diogu eskola ordutegian erlijioa irakasteari, ikasleak banatzen direlako sinesmenen arabera. Lege berriak ordu gehiago eskaintzen dizkio erlijioari tutoretzari baino.


Guztiontzako eskola nahi dugu. Euskadiko Eskola Kontseilua erlijioak derrigorrezko curriculumean sartzearen kontra agertu da.


EZETZ esaten diogu Musika, Plastika, Hiritartasunerako Hezkuntza edo Teknologia bezalako oinarrizko irakasgaien desagertzeari.


Modu integralean heziko duen eskola nahi dugu gure seme-alabentzat, gizarte osoak partekatzen dituen baloretan oinarrituta.

LOMCEri-ez

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina